eu en es fr

ITZAL AKTIBOA
SARIA

MICKAëL VIVIER ARTISTAK
2015EKO ITZAL AKTIBOA SARIA ESKURATU DU

2015KO URRIAREN 05A

Baionako Mickaël Vivier hautatua izan da Itzal Aktiboak antolatzen duen "GazteArtea", sorkuntza garaikidearen saridun bezala.

2000 euroko dirulaguntzak sariztatzen du Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen 40 urtez petikako artista gazte bat. 34 hautagai aurkeztu dira Itzal Aktiboa elkarteak antolatzen duen lehiaketa honetarako, Euskal Kultur Erakundearen partaidetzarekin.

Lehiaketa honentzat, Mickaël Vivier artistak instalazio bat aurkeztu du "Histoire naturelle-Natura historia" deitu duena. Angeluko "Amodioaren logela -Chambre d'Amour"-eko harpearen leienda abiapundu hartuz, historia bat kondatu du, marrazkiak, eskultura eta bideoa bateratuz.

Instalazioa ikusgai da Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegia deitu geletan, azaroaren 1a arte, lehiaketako beste lau azken irabazleen obrekin.

"Amodioaren logela"-ren leiendak aipatzen du bi amorosen zorte tragikoa, hauek hondartza bazterreko harpe batean, urak bereganatu zituelarik betirako. Artistak gertakari hau egitasmo artistiko baten bitartez irudikatu du. Horretarako, Mickaël Vivier gazteak baliabide teknologiko eta artistiko ezberdinak erabali ditu, hala nola bideoa, argi proiektorea, grafitozko marrazkiak objektu naturalezko paper gainean, bai eta ere zohikatzezko eskulturak, zimenta eta egur zutabez zeharkatuak.

Epaimahaiaren izenean goretsiz, karia horretarako lehendakari zen Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak azpimarratu du ohizko kondaira horren berridaztea era garaikidean, organikoa mineralarekin nahasiz eta aurkeztu obran nola erreferentzia biologiko, geologiko, hala kulturalak parekatuz.

Instalazioa aurkeztean joan den ostirale gauean, Mickaël Vivier artistak aipatu du leiendak daukan erromantismoaren eta gaurko errealitatearen arteko kontrastea, jakinez harpearen sargia beti hor dagoela, Angeluko "Sables d'Or" deitu hondartzaren aparkaleku baten gibelean.

"Gaur sartzen bagara harpe horretan, lur gainean marraztuak dira bihotzak, izenak...badira ere plastikozko edalontzi lehertuak, garagardo botilañoak, zigarreta muturrak, preserbagailu erabiliak, etabar. Mito erromantiko horren eta gaurkoaren arteko gainposizio horretarik sortu ditut instalazio honen sorkuntza ezberdinak" dio artistak.

Mickaël Vivier Baionan sortu da, 1983an. Angoulême hiriko École Européenne Supérieure de l’Image eskolan eta Poitierseko unibertsitatean ikasi du. Hainbat urtez Pariseko Palais de Tokyo erakustokian lan egin ondoan, arte numerikoa eta bideo artea irakasten ditu, Euskal Kostalde – Aturri hiriguneko Arte Eskolan (École d'art de l'Agglomération Côte basque – Adour).

Bigarren saria María Jiménez Morenori

Bigarren saria María Jiménez Moreno nafartarrak lortu du, Lanzarote ugarteko Ana Piñel, Nautilus hoteleko zuzendariak eman diolarik, egonaldi artistiko baten egiteko ondoko hilabeteetan.

Bestalde, Donibane Garaziko Herriko etxeak arte liburu bat eskaini dio beste azken parte hartzaile bakoitzari.

Pantxoa Etchegoin buru zuen epaimahaiak ondoko kideak zituen: Juanma Arriaga, Donostiako Kur Galeriaren zuzendaria; Celia Eslava, plastikaria; François Loustau, arte garaikide erakusketen komisarioa; Javier Manzanos, Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikide Zentroko zuzendaria; Iñaki Olazabal, zizelkaria; eta Elke Roloff, kultura garapenaren arduraduna CPIE Euskal Bazterra zentroan.

|| PDF ||

Mickaël Vivier

Mickaël Vivier

Mickaël Vivier

Mickaël Vivier

Ana Piñel-ek Maria Jimenez zoriontzen

Ana Piñel-ek Maria Jimenez zoriontzen


BOST ARTISTA GAZTE HAUTATUAK
2015EKO ITZAL AKTIBOA SARIAREN FINALARENTZAT

2015KO IRAILAREN 11A

Arte garaikidearen munduan adituak diren pertsonez osaturiko epaimahaiak bost artista hautatu ditu Itzal Aktiboa – Arte Garaikidearen Sorkuntza Gaztearen sariaren finalean parte hartuko dutenak : Grégory Cuquel, María Jiménez Moreno, Cécile Mestelan, Mickaël Vivier eta Eluska Zabalo Monje.

Bost artistek aurkeztuko dituzten obrak Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian ikusgai izanen dira, erakusketa kolektibo batean. Erakusketa horren estreinaldia urriaren 2an, ostiralez eginen da, 18 :30etan. Karia hortara, 2.000 euroko saria bost artistetatik bati eskainia izanen zaio.

Lehiaketa Itzal Aktiboa elkarteak antolatzen du, Euskal kultur erakundearekin elkarlanean eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen sostenguarekin. Helburua da arte garaikidea euskal kulturaren kontestuan integratzen laguntzea, bai eta euskal sorkuntza garaikidea hedatzen laguntzea ere. Leku historiko batean aurkeztuak izanik, bost artisten obrek Euskal Herriko sorkuntza artistikoaren gaurko joeren ikuspegi bat emanen dute.

Grégory Cuquel Baionan sortu zen, 1980an. Berunezko minaz paperean egin marrazki andana bat presentatzen du, “jardin de brisement” titulupean. Kurbek, pleguek eta zirrituek gogo ibilbide eta arkitekturak agerrarazten dituzte, musikak inspiraturik. Marrazkien ondoan, eskultura batzuen arku formek itxura berak errepikatzen dituzte.

María Jiménez Moreno Iruñean sortu zen, 1978an. “Objetuario (Taxonomía ilustrada” izeneko obra presentatzen du, hamaika marrazkiz osaturik. Marrazki horiek kolorez eginak dira, XVIII. eta XIX. mendeetako esploratzaileen lanek inspiraturik, ilustrazioa baliatzen baitzuten espezieen ikertzeko eta sailkatzeko.

Cécile Mestelan Baionan sortu zen, 1988an. “Fétiche” izeneko muntadura erakusten du, zeramikazko eskulturaz osaturik. Eskultura horien formek osagai organikoak eta geometrikoak elkartzen dituzte. Haren obrak Brancusi eta Miró bezalako artisten obrak oroitaratzen ditu, bai eta usu loturik gaituzten “xarma” fetixistak. Eguneroko gauzakiek gure bizian duten eginkizunaz galdezka aritzera sustatzen gaitu.

Mickaël Vivier Baionan sortu zen, 1983an. “Natura istorioa” izeneko muntadura erakusten du. Marrazkiak, eskultura eta bideoa bateratzen ditu, Angeluko Amodio Ganberako legenda adieraziz. Historia horrek maitale bikote baten historia tragikoa kontatzen digu, harpean harrapaturik eta itsasgorak itorik hil baitziren.

Eluska Zabalo Monje Donostian sortu zen, 1982an. “Paisai alderraia #1” izeneko obra presentatzen du, diziplina anitzeko hurbilketa garatuz, pinturaren eta hutsune-grabaduraren artean. Aluminio orrian egin hamabi fotograbatutan, paisaia zirrimarra batzuen zati handituak presentatzen ditu.

Bost artista hauek hautatuz, Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendaria buru duen epaimahaiak beren lanaren alderdi berritzaile eta sortzaileena agerian eman nahi izan du. Epaimahaiaren bertze kideak hauek dira : Juanma Arriaga, Donostiako Kur Galeriaren zuzendaria ; Celia Eslava, plastikaria ; François Loustau, arte garaikide erakusketen komisarioa ; Javier Manzanos, Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikide Zentroko zuzendaria ; Iñaki Olazabal, zizelkaria ; eta Elke Roloff, kultura garapenaren arduraduna CPIE Euskal Bazterra zentroan.

Erakusketa irekia izanen da 2015eko urriaren 3tik azaroaren 1era, egunero asteartetan salbu, 11:00etatik 12:30etara eta 14:30etatik 18:30etara. Sartzea urririk izanen da.

Araudia

Xehetasunentzat

|| PDF ||



Itzal Aktiboa, Zitadelaren karrika, 22 - 64220 DONIBANE GARAZI - +33 6 71 00 57 23

HARREMANA | Legezko oharrak | Diseinua: iF Diseinuak - 2013