eu en es fr

GAZTEARTEA GARAZIN

2015KO URRIAREN 03A > 2015KO AZAROAREN 01A

Apezpikuen presondegian eta Donibane Garaziko herriko etxeko ezkaratzean kokatua den erakusketa da.

Apezpikuen presondegian, Itzal Aktiboa – Arte Garaikidearen Sorkuntza Gaztearen sariaren bost finalisten lanak ikusgai izanen dira. Erakusketa honen parte hartzen dute : Grégory Cuquel (Angelu, Lapurdi); María Jiménez Moreno (Zizur Nagusia,Nafarroa); Cécile Mestelan (Bidarte, Lapurdi); Mickaël Vivier (Baiona, Lapurdi) eta Eluska Zabalo Monje (Arrasate-Mondragón, Gipuzkoa).

Estreinaldia eta Itzal aktiboa sariaren ekitaldia Euskal Kultur Erakundearen partaidetzarekin: urriaren 2an, ostiralez eginen da, 18:30etan.

Herriko etxeko ezkaratzean, Charles Jaulerry-ren (Arrangoitze, Lapurdi) margolanak ikusgai izanen dira.

GazteArtea Garazin, ordutegiak

Apezpikuen presondegia: egunero asteartea ezik, 11:00 - 12:30 eta 14:30 - 18:30

Donibane Garaziko Herriko Etxea: astelehenetik ostiralera, 8:30 - 12:00 eta 14:00 - 17:30.


GazteArtea Garazin: 6 artistak

Cécile Mestelan

Cécile Mestelan

Cécile Mestelan Baionan sortu zen, 1988an. Biarritzeko École Supérieure d’Art des Rocailles eskolan ikasi zuen, non Arte Plastikoetako Diploma erdietsi baitzuen, eta Lausanako kantonamenduko (école cantonale d’art) eskolan, non Ikusteko Arteetako Master diploma erdietsi baitzuen. Gaur egun Bidarten eta Lisboan egoiten da. Ateleria Lisboan du.

Erakusketa honen karietarat, artelazkizko oinarrietan ezarri eskultura ttipiak erakusten ditu, zeini Fétiche-Fetixa izena eman baitio. Artistak lehenik moldeak sortzen ditu, gero zeramika hutsezko estatuak serieka egiteko, organikoa eta geometrikoa, groteskoa eta estilizatua, elkartuz. Haren obrek Brancusi eta Miró bezalako artisten obrak oroitarazten dituzte, bai eta usu loturik gaituzten «suerte on ekartzeko gauzakiak».

Munduko artea Koons artistaren ondoko garaian kokatzen den honetan, monumentu bilakatu erlikia anatomikoa indarrean itzultzen den honetan, orain akitua den modernotasun esperimental batek itorik, konplexurik gabeko primitibismo minimalista duten zeramikazko eskultura ttipi horiek oraingo sorginkeria berri bat adierazten ote dute?

Helbururik gabekoak iduri dute eta artelazkiaren guritasun hitsaren eta zeramikaren zuritasunaren eta gogortasunaren arteko kontrasteak itxura hori indartzen du. Horrek eguneroko gauzakiek gure bizian duten eginkizunaz galdezka aritzera sustatzen gaitu.

Charles Jaulerry

Charles Jaulerry

Charles Jaulerry Arrangoitzekoa da, 1981ean Baionan sortua. Diseinu grafikoa ikasi zuen, Pariseko Institut Supérieur Des Arts Appliqués eskolan, eta irudigintza Master bat egin zuen, New Yorkeko School of Visual Arts eskolan. Ondotik, lau urtez ari izan zen New Yorken lanean, Marlborough Gallery galeriaren artxiboen sailean.

Bere lehen pinturak New Yorken egin zituen. Berantago, Arrangoitzera itzulirik, bere collage teknika pertsonala garatu zuen, naturak eta bereziki xoriek inspiratu pinturen egiteko, haieri so egoten baitzen.

«Jackson Pollock pintorearen lanak eta Mike Kelley artistaren Memory Ware Flats serieak inspiraturik, ene atelerian bildu elementu batzuk erabili nahi izan ditut oihalean kolatzeko. Ene xedea mugimendu eta gorabehera sentsazio baten sortzea zen, aldi berean abstrakzioa eta figurazioa konbinatuz.

«Urrundik, collageak oihalaren zolako irudiekin nahasten dira. Hurbiletik aldiz, erliebean diren xoriak deskubritzen ahal dira. Pigmentu idortuzko zati batzuetatik eta oihal edo paper gainean entseatu medium batzuetatik abiatuz eginak dira, zeinak urteetan atelerian atxiki baititut.»

Eluska Zabalo Monje

Eluska Zabalo Monje

Eluska Zabalo Monje Donostian sortu zen, 1982an. Soziologiako eta Arte Ederretako ikasketak egin zituen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, Bilbon bizi da eta han lan egiten du. Pintura lantzen du, bai eta haurrei eta helduei artea irakasten. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza bati esker, Paisai alderraiak izeneko egitasmoa garatzen ari da, pinturaren eta hutsune-grabaduraren artean sartzen den diziplina anitzeko hurbilketa landuz.

Hemen erakutsi obran, aluminio orrian egin hamabi fotograbatutan, kobre plaketan grabatu paisaia zirrimarra batzuen zati handituak presentatzen ditu. Paisaia oinarrizko erreferentzia gisa baliaturik, artistak itxuraren eta marraren alienazio estrategia bat segitzen du, dekonstrukzioaren eta fragmentazioaren bidez. Haren helburua abiapuntuko gaiarekiko abstrakzio maila baten erdiestea da, zeinetan erreferentziazko baloreak eta balore formalak oreka tinki batean dauden.

Gisa horretan, fragmentazioaren eta berriz juntatzearen logikak leku nagusia hartzen du egitasmoan. Osotasunaren eta bere zatien arteko harremana bere mugetaraino eraman behar da, erreferentzia / autoerreferentzia dikotomiaren hausteko eta horrela ordena formal eta sinboliko berrien sortzeko. Zatiak ordena berri batean berriz juntatzeko mementoan, unitate bat bere osotasunean berriz osatzen dute, baina beren jarraikitasunik eza edo barneko haustura argiago erakutsiz. 

Gregory Cuquel

Gregory Cuquel

Grégory Cuquel Baionan sortua da, 1980an. Ateleria Bidarten du eta bolumen kurtsoak ematen ditu, Euskal Kostalde - Aturri Hiriguneko Arte Eskolan (École d'art de l'Agglomération Côte Basque – Adour). Erakusketa honetan, Berunezko minaz paperean egin marrazki andana bat presentatzen du, «jardin de brisement» titulupean. Kurbek, pleguek eta zirrituek gogo ibilbide eta arkitekturak agerrarazten dituzte, musikak inspiraturik.

“Musika entzunez, ardura William Basinski musikagilearena, atelerian orriak zabaltzen ditut. Grafitoa lehertzen dut, errauts baten erdiesteko. Errauts horri batzuetan urina edo disolbatzailea gehitzen dakot. Ekaiaren egoera horretatik abiatuz, ene orria horrekin torratzen dut, kurbak, pleguak eta zirrituak agerrarazteko.

“Jestuen artean orduan sartzen ahal den denborari leku garrantzitsua ematen dakot. Torratu arau, bilakaera ñimiño batzuek marrazkia aberasten dute, gogo ibilbide eta arkitekturak agertzen edo desagertzen dira. Paperak jestu horiek irensten ditu, leku batzuetan sakonuneak egiten dira da eta horren arrastoak gelditzen dira. Orduan, begia ekaietan sartzen ahal da, xehetasunari inportantzia emanez.”


María Jiménez Moreno

María Jiménez Moreno

María Jiménez Moreno Zizur Nagusian bizi da, Iruñetik hurbil. Iruñean sortu zen, 1978an. Arte klaseak ematen ditu, hainbat elkartetan. Badu zenbait urte naturaren irudikapen mimetikoa lantzen duela, eskulturak kakorratzez ehunduz.

Hemen, Objetuario (Taxonomía ilustrada)-Gauzaki multzoa (taxonomia ilustratua) egitasmo grafikoa presentatzen du, zientzialarien lanez inspiraturik, ilustrazioa baliatzen baitzuten espezieen ikertzeko eta sailkatzeko. Egitasmo hori kolorezko hamaika marrazkiz osatua da, esploratzaileen lanak inspiraturik. Haren gaia María Jiménez Morenoren beraren eskulturak dira.

«Ene egitasmo artistikoetan, artea erabiltzen dut Naturarekin dudan harremanaren ikertzeko eta adierazteko, mikrokosmos intimoen bidez. Esperientziak egiten ditut, ekai eta teknika andana batekin, errealismo magikoarekin lotu mintzaira plastikoa eta kontzeptualizatua erabiliz.

«Ingurumenarekiko sentsibilitatea kultura guzietan agertzen da. Erdi Aroan, argibideak emateko eta deskripzioak egiteko lehen irudiak eta lehen irudi sinbolikoak agertu ziren. Haatik, teknikaren aldetik, oraino oso garatugabeak ziren.

«Amerikaren konkistatik goiti, egiazko irudi zientifikoak agertzen dira, konkistatzaileekin joan zientzialariek edo nabigatzaileek berek eginak. Irudi horiek lurreko eta itsasoko floraren eta faunaren dokumentatzeko erabiltzen ziren. Ene irudiek habitat kurios bat berriz eraikitzeko xedea dute, irudikapen intimoak landuz. » 

Mickaël Vivier

Mickaël Vivier

Mickaël Vivier Baionan sortu zen, 1983an. Angulemako École Européenne Supérieure de l’Image eskolan eta Poitierseko unibertsitatean ikasi zuen. Hainbat urtez Pariseko Palais de Tokyo erakustokian lan egin ondoan, arte numerikoa eta bideo artea irakasten ditu, Euskal Kostalde – Aturri hiriguneko Arte Eskolan (École d'art de l'Agglomération Côte basque – Adour).

Hemen, Histoire naturelle-Natura istorioa izeneko muntadura erakusten du. Marrazkiak, eskultura eta bideoa bateratzen ditu, Angeluko Amodio Ganberako legenda adieraziz. Historia horrek itsasbazterreko harpean harrapaturik gelditu zen maitale bikote baten zorte tragikoa kontatzen digu. Itsasgorak itorik, han hil ziren.

“Paisaiarekin dugun harremanari interesatzen natzaio. Enetako, munta handienekoa da artistaren ingurumenak eragina ukan dezan bere lanean. Eta gero, Euskal Herria bada, mitoen eta legenden lurralde gisa, fantasmarentzat eta fikzioarentzat egokia den eremua. Errealitatearen geruza desberdin horien metatzea eta nahastea gustatzen zait.

“Histoire naturelle-Natura istorioa, obra ibilbide horretan sartzen da. Legendako harpean, ganbera izena bildu duen horretan, sartzen ahal da oraino, Sables d'Or hondartzako aparkalekuaren gibelean. Gaur egun, han sartzen baldin bagara, lurrean idatzi bihotzak eta izenak ikusiko ditugu. Plastikozko baso lehertuak ere izanen dira, garagardo botilaño batzuk, zigarreta muturrak, preserbatibo erabiliak. Amodio Ganberako mito erromantikoaren eta harpeko gaur egungo errealitatearen metatzetik abiatuz, muntaduraren sorkuntza desberdinak ondu ditut.

“Horren guziaren xedea gure ingurumenaz dugun pertzepzioari buruz eta horren ondorioz sortzen diren irudikatzeko lehengo edo oraingo moldeei buruz galdeen sortzea da. Marrazki naturalistaren bidez, inguratzen gaituzten fauna eta flora irudikatzen ditut; 3Dko irudigintzaren bidez, jendeak ikusten ahal ez dituen eremuak erakusten ditut; mitoen bidez, ikusten ditudan gertakari naturalei zentzu bat ematen diet. Aldi oroz, mundua berriz idazteko ahala ematen digun mintzaira bat da.”


Lehengo berriak

ARTEA NOKA, ARTEA HIKA – ETXE IKURRETATIK

ARTEA NOKA, ARTEA HIKA – ETXE IKURRETATIK

2018ko Martxoaren 06a
> 2018ko Martxoaren 29a

Emaztearen Nazioarteko Egunaren ospatzeko urte oroz -aurten hamabigarren aldikotz- antolatzen dugun erakusketaren karietarat, Marythé Avella artistak bere margolanak Donibane Garaziko Herriko Etxeko ezkaratzean erakutsi ditu, martxoaren 6tik,

[irakurri...]


"BARRUKO AGERPENAK”: KEIXETA MARGOLARI ETA ZERAMIKAGILE ERAKUSKETA DONIBANE GARAZIN

2017ko Urriaren 05a
> 2017ko Azaroaren 01a

Keixeta margolari eta zeramikagileak bere lanak erakutsiko ditu urriaren 5tik azaroaren 1era arte, Donibane Garaziko apezpikuen presondegian. Erakusketa egunero egongo da zabalik, astearteetan izan ezik; ordutegia 11:00etatik

[irakurri...]

keixeta
Kartzelaratutako irudiak – Juan Luis Baroja Colleten obrak Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian

KARTZELARATUTAKO IRUDIAK – JUAN LUIS BAROJA COLLETEN OBRAK DONIBANE GARAZIKO APEZPIKUEN PRESONDEGIAN

2017ko Ekainaren 08a
> 2017ko Uztailaren 23a

Juan Luis Baroja Collet (Le Creusot, Frantzia, 1957) eskultorea eta grabatzailea da. Bere lana euskal eskultura berriaren ibilbide paraleloan garatu da, beste euskal eskulturaren barnean, Andres Nagel edo Cristina Iglesiasen deklinazio

[irakurri...]

keixeta

EMAZTEENARTEA GARAZIN

EMAZTEENARTEA GARAZIN

2017ko Martxoaren 08a
> 2017ko Martxoaren 31a

Iparraldeko hiru emazte artistak EmazteArtea Garazin erakusketaren hamargarren edizioan parte hartu dute. Grafista ofizioz, Marie-Josée Arosteguy Ortzaizen bizi da. Hor, margoak edo obrak sortzen ditu lurra, hautsa, kolore-gai edo

[irakurri...]

keixeta
Barbara Stammel - margolan eta instalazioak

BARBARA STAMMEL - MARGOLAN ETA INSTALAZIOAK

2016ko Urriaren 01a
> 2016ko Urriaren 30a

Erakusketa Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian Alemanian sorturik, Barbara Stammel-ek Municheko arte ederren eskolan ikasi zuen. Badu hogei bat urte Gipuzkoan bizi dela, Getarian, eta han lan egiten duela. Margotzeko,

[irakurri...]

keixeta
EMAZTEARTEA GARAZIN

EMAZTEARTEA GARAZIN

2016ko Martxoaren 08a
> 2016ko Martxoaren 25a

Iparraldeko eta Nafarroako sei emazte artistak EmazteArtea Garazin erakusketaren hamargarren edizioan parte hartuko dute. Iparraldekoak Lorentxa Beyrie, Maïtxu Juantorena eta Miren Laxague dira. Nafarrakoak Celia Eslava Sotes,

[irakurri...]

keixeta
Euskal Herriko hiru artista Pedrazan (Segovia)

EUSKAL HERRIKO HIRU ARTISTA PEDRAZAN (SEGOVIA)

2015ko Uztailaren 25a
> 2015ko Irailaren 30a

Santa Maria elizan, Pedrazako gaztelua Asteazkenetik igandera 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 Hiru artista, hiru belaunaldi eta hiru sorkuntza ikuspegi: eskulturak, grabaketak eta margolanak. Irailaren amaierara arte, Santa

[irakurri...]

keixeta

Itzal Aktiboa, Zitadelaren karrika, 22 - 64220 DONIBANE GARAZI - +33 6 71 00 57 23

HARREMANA | Legezko oharrak | Diseinua: iF Diseinuak - 2013